XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zurbano eta Monzon Esteban Biografia hauen zerrenda osatzean, deiturak alfabetaren arabera sailkatu ditugunez, urrezko korapilo bezala datorkigu idazlan honi amaiera emateko Seguran izan den herriko seme ospatsu eta aipagarrienetariko hau, ez bere jatorrizko nobleziaren gatik soilki (1) Honen aurreko adigarrienen artean (Zurbano, Araban, dute beren jatorrizko dorretxea) Joan Zurbano aipatuko dugu soilki hemen, San Bartolome Eskola Nagusian ikasle izana, Joan II Gaztelakoaren Kontseilari, eta Zaragozan, Aragoako Erregerekin bakeatzeko 1417an enbaxadore baita bere dohain eta Jainkoak emaniko talentu bereziaren gatik ere.

Dohain hauk guztiak probintziaren eta bere jaioterriaren zerbitzutan handiki eman zituen gizona dugu.

Eta egia, Jainkoaz aparte, aski erlijio zalea bait zen, probintziaren nahiz Seguraren ganako maitasuna izan zela esan daiteke bere bizitzako norabidea.

Froga handi eta ugariak eman zituen, eta probintziak eta herriak ere konfidantza osoz erantzun zioten, zeren Gipuzkoak Diputatu Nagusi izendatu zuen Isabel II azken Gorteetan, eta Diputatu Foral 1875 urtean, herriko Alkate ere urte luzeetan egona zen, eta Donostian 1854-ko Batzarre Nagusian Ordezkari nagusi Seguraren izenean, beti ere segurar herriak beraren ganako zuen estimua erakutsiaz egiteko hau onhar zezala eskatu bait zion.

Lehenengo bi ordezkaritza hauekin Zurbanok probintziaren estimua nagusiki irabazi bazuen ere, eta froga ugaririk bada hori egiaztatzeko, Alkategoarekin irabazi zuen herritarren jaramon, itzal eta begiramenik handiena, izan ere jendearen ezagutzan ez bait zuen Zurbanok bezainbat lan eta buruhauste beregain inork hartu herriaren hobakuntza eta herritarren ona bilatzeko.

Ez daiteke lerro apurrotan deskribatu zer nolako ardura eta ahaleginak burutu zituen Alkate bezala herriaren ongia zaintzeko eta zerbitzu mota guztiak hobatzeko.